Ondarea eta Historia

HERRIKO PLAZA

Laudioko Herriko Plaza herriaren bihotza da. Historia, auzo-bizitza eta herritarren topaketak elartzen dituen espazio irekia. Hemen, tradizioa bizirik dirauen ingurune batean, antzinako garaietatik azokak, merkatuak eta kultur-ekitaldiak egiten dira.

Gizarte modernoaren hasieretatik, plaza komunalak sortu zirenean, herritarrak puntu horretan biltzen ziren tratatuak, itunak, salerosketak eta baita kargu politikoen eta administratiboak aukeratzeko ere. Zehazki, elizatean ospatzen ziren, nekropolia zegoen lekuan, ia sakratua zen tokia, hildakoek fede ematen baitzuten bertan zin egiten zena bete eta errespetatu egingo zela. Bizitza eta heriotzaren arteko igarobide gisa, itunak eta zinak han zegoen zuhaitz baten azpian egiten ziren, gaur egun Batzalarrin kalea hasten den tokian (batzarren larrina).

Ondoren, eta modernitatearen etorrera zela eta, lege aldaketak eman ziren, bai elizarenak zein administrazioarenak. Horrela, nekropolia gaur egun hilerriak bezala ezagutzen ditugun lekuetara eraman zen, hain sinbolikoa zen zuhaitza batzar-mahai edo pielarri batengatik ordezkatu zen, hau ere udaletxeak iristean desagertu zena, eta euskara, ordura arte herrian ia bakarra zen hizkuntza, gaztelerak ia erabat ordeztu zuen.

Tokiak hainbeste bizitza soziala biltzen jarraitzen zuenez, eta aitzakia gisa, elizpea eraiki zen eta mahaiaren ordez iturri bat jarri zen.

Azokak, merkatuak, jaiak eta bestelako kultura-adierazpen eta ekitaldiak ospatzeko ohiturari eutsi dio plazak, eta, gaur egun ere, horiez gozatzeko aukera dago.

Zatoz Herriko Plazara, Laudioko zati esanguratsu hau senti ezazu, leku honetako harri bakoitzak, fatxada bakoitzak, geratzeko, hitz egiteko eta bertako bizitzaz gozatzeko gonbidapena luzatzen dizu.

UDALETXEAK

Aro modernoko jaiotzetan, XV.mendearen amaieran, plaza komunalak sortzen eta bertan udal-jauregia edo udaletxea ezartzen hasi ziren, baina 1841.urtera arte ez zen udal guztiak bateratzen zituen lege bat aldarrikatu, eta auzotarren bilera, lege-akordio, akta eta kargu-hartze horiek guztiak udaletxeak deitu zituzten lekuetan egiten hasi ziren.

Gaur egun elizaren ondoan dagoen eraikina Laudioko 3.udaletxea da.

Eraikin honek 2.a ordezkatu zuen, 1782 eta 1785 urteen artean eraiki zena, eta baita lehenengoa ere, leku berean ez zegoen arren, bertatik distantzia gutxira baitzegoen.

Mende bat geroago, 1889 an, haren bultzatzailea zen Urkixoko Markesa hil zen urte berean, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik, 3.udaletxea eraiki zen, gaur egun ikusten duguna, “gaur egungo zaharra” ere esaten zaiona. Francisco de Mendoza y Cubas arkitekto madrildarrak egin zuen, Cubaseko markesaren ilobak.

Solairu bakoitzak bere funtzioa zeukan, beheko solairuan 7 zezenk handi eta txiki bat baitzeuden, gaur egungo Herriko P^lazan ospatzen ziren jaietako zezenketak hartzeko. Alboko eskailera independente batetik (gaur egun Elexalde kaletik) igotzen zen solairu nagusira. Han artxibo txiki bat, gela bat eta tximinia frantseseko sukalde bat zeuden. Goiko solairuan areto nagusi bat zegoen udal-batzarrentzat, balkoi korritu nagusira irekitako jangela bat eta artxiborako beste gela txiki bat, beheko solairukoarekin komunikatua.

Eraikina nabarmentzeko, armarri bat margotu zen, Orozkokoa, Bizkaikoa zena, “adibidetzat” hartuz. Udalerri hau Aiarako Jaunaren aurka ari zen auzitan, Bizkaiko Jaurerrian sartu nahi zutelako. Ez dakigu Laudiok ere arrazoi beragatik egin ote zuen.

Era berean, burdinezko balaustreen artean, aipatutako Bizkaiko armarria baino txikiagoa zen Laudioko Haran Noblearen armarria landu zen.

Gaur egungo udaletxea, “egungo zahar” honen aurrean dagoena da eta 2001eko martxoaren 3an inauguratu zen. Eraikin garaikide honek Herriko Plaza ixten du, udal kudeaketa sinbolizatzen du eta, aldi berean, herritarren eta bere udalerriaren arteko lotura da.

DONE PETRI ELIZA

Udalerriaren jatorria bertan berreskura diateke, garai zaharrenetako dokumentaziorik ez dagoen arren, Erromanizazio garaiko bi hilarri aurkitu baitziren. Hala ere, VIII-IX.mendeetan, Goi Erdi Aroan, biztanleria mendi-magalen erdiko herrixketan (klimaren eraginez) sakabanatuta zegoela uste da, hala nola Gardea, Larrazabal, Goienuri, Larr(e)a eta Ermu edo Isusi inguruan, bakoitzak bere elizatxoa zuelarik, noski.

Haranaren zatirik baxuenak ondorengo mendeetan (X-XI) betetzen dira eta garai honetan, zehazki 1095ean, Naiarako gotzaina zen Pedro de Nazarrek Lamuzako Done Petri eliza sagaratu zuen (toponimoaren jatorria ezezaguna da), herrixka guztiak parrokia komun batean “bateratzen” zituena. Erdi Aroko eraikina da, eta, ustez, tenplu austeroa izan zen, ziurrenik estilo erromaniko edo protogotikoa (Micaela Portilla historialariaren arabera), baina ez zen ezer kontserbatu.

Haren ondorengo tenpluak ere ez ziren mantendu, nahiz eta jakina den denak bertan egon zirela.

XVI.mendearen erdialdean, Francisco de Amírola eliza berri bat eraikitzen hasi zen aurreko tenpluaren gainean. Lehenik, tenplua bera eraiki zen, gurutze latindar formako oinplanoan;ondoren, berriztapenak eta handitzeak egin ziren, hala nola kanpandorrea eta, azkenik, XIX.mendearen hasieran elizako dorrearen linterna/kupula. Beraz, gaur egun ikusten dugun eliza XVIII.mendekoa da, barroko estilokoa.

XVIII.mendea oparotasun garaia izan zen, bai Laudion, bai Euskal Herrian orokorrean. Horregatik, alderdi artistikoa ere islatu behar zen eta, tenpluaren berritasuna kontuan hartuta, altzari liturgikoak eta apaingarriak jartzen hasi ziren barruan.

Ezagunena eta gehien errepresentatu dena bere erretaula nagusia da, Marcos de Sopeña kantabriarrak egina (esleitua) eta ornamentaziorik gabeko rococo estilokoa, garai hartako berezkoa, barrokoaren azken faseetan baitzegoen.

Hala, forma kurbatuak, ahurtasunak eta ganbiltasunak lerro zuzenak baino gehiago nagusitzen dira. Urre-koloreko eta polikromatutako egurrezko erretaula da, bi zapalda ditu eta hiru kaleko bi atal, errematerik gabe. Beheko gorputzak, lau zutabe korintiarrez bananduta, hiru nitxo markoztatzen ditu. Erdiko biak apainduta daude. Hor San Pedro dago, horma-hobi baten gainean, Gurutziltzatua sagrarioaren gainean duela. Alboetan, ezkerrean, San Juan Bataiatzailea eta, eskuinean, San Pablo daude, bakoitza idulki baten gainean.

Erdiko atalaren gainean, goiko gorputzak Ama Birjinaren Jasokundea du erdiko nitxoan, erdi-puntuko arku baten barruan. Alboetan, Santiago Erromesa eta San Juan Ebanjelaria.

Aipatzekoak dira, halaber, San Joseri eta Arrosarioko Ama Birjinari eskainitako albo-erretaulak (horien egilea Marcos de Sopeña izan zen, nahiz eta San Joserenean Tomás Díazek ere parte hartu zuen), rokokoaren adibideari ezin hobeto jarraitzen ziotenak, gaur egun desagertuta dagoen Pietateari eskainiko laugarren erretaula batekin batera.

Beste altxor bat bailitzan, eliza bera erreproduzitzen duen miniatura bitxi bat ere gordetzen da barruan.

Iturria: Kepa Sojo, Bai aldizkaria, 2.alea

BURDINEZKO ELIZPEA

Lamuzako Done Petriko elizpea apartekoa da bere osotasunean burdinaz eraikia dagoelako: Euskal Herrian kasu bakarra da. Baina, era berean, hori eraikitzeko motibazioak ere apartekoak dira.

Historia hasten da tenplu zaharrak kendu eta eliza berri bat eraikitzea erabakitzen denean, gaur ikusten duguna alegia. Elizaren ondoan herriko bizitza soziala eta komertziala hartuko zituen elizpe bat eraiki zen (1774). Hasiera batean bizitza osoa irauteko planteatu zena, mende bakar batean hondatu zen eta 1878an, Urkixoko Markes izendatu berriak berreraikitzeko agindua eman zuen, zerkausiko sistema batekin, hau da, burdinezko zutabeekin tinkatuz, berak ordaindu suen berritasuna. Gaur egun oraindik ikus daitezke harrizko harlauzetan instalatu ziren markak.

Hala ere, irtenbide hori ez zen nahikoa izan, egitura bost urte geroago mugitzen hasi baitzen.

Orduko alkateak “peritu aditu” batekin kontsultatu behar zuela erabaki zuen, eta bitartean zaindariak ipini zituen iinorbarrura ez sartzeko. Goikoplazako peritu gazteak eraitsi behar zela zehaztu zuen. Egun hori 1883ko martxoaren 11a zen eta azoka-igandea zen. Jende askok errespetatu egin zuen, baina aurreko gauean elurra gogotik bota zuen, eta horregatik, hotzetik babesteko, baserritar batzuek elizpean kokatzea erabaki zuten, alkateak ezarritako debekuari jaramonik egin gabe, eta pisu harekin, gozieko hamarrak aldera, elizpera behera etorri zen. Lau hildako eta sei zauritu egon ziren.

Hondamendi hark markesaren harrotasuna zauritu zuen, eta, aldi berean, beste aukera bat eman zion herritarrekin bere burua berrerosteko. Horrela, elizpe berri bat eraikitzeko enkargua egin zuen. Horretarako, Eiffel dorrearekin hainbesteko arrakasta izan zuen arkitektura-moda berrian inspiratu zen, eta burdinezkoa izan behar zuela erabaki zuen (modernitatea eta erresistentzia). Hala ere, 1889an hil zen, bukatuta ikusi baino lehen, eta, beraz, bere ondorengoak inauguratu zuen, bere biloba zen Juan Manuel de Urquijo Urrutiak, Urkixoko bigarren markesak.

 

Burdinaz gain, elizpe honetako ezinbesteko beste elementu bat harria da. Hare harrian tailatutako elementu batzuetan zegoen (otzanagoa eta lantzeko errazagoa), baina beste batzuetan oso aipagarriak, kareharrizkoak. Bitorikako harrobitik zetorren kareharri hain leundua, marmola edo, garai hartan esaten zioten bezala, jaspe bihurtzen dena. Azabatxea bezain beltza, oso baloratua eta elementu artistiko eta apaingarrietarako erabili izan zen (tximiniak, mahaiak..) Urduñako Antzinako Amaren santutegian bezala, eta baita Madrilgo Gortean ere. Hala ere, garraioa oso zaila zen, eta harrobia ustiatzeari laster utzi zioten, baina produktuaren kalitateak gaur arte irauten du.