Lamuza parkea, gaur egun, eta 1975 urteaz geroztik, parke publikoa da. Bertan, haurrentzako jolas eta zabuak daude, eta, horrez gain, arkitektura- eta paisaia-konplexu paregabeak dira; aldi berean, eremu, garai eta helburu desberdinak irudikatzen dituzte.
1876an, Estanislao Urkixo Landaluzek, I Urkixotar Markesak, bi etxe erosi zituen (Nagusia eta Lamuza Baserria), eta udako bizileku bihurtu zituen, Laudiora sasoi hartan etortzen baitzen Madrilen zuen bizitza politiko eta finantzariotik erretiratzeko. Bi espazio horiek familia bakarreko etxebizitza aristokratikorako erabili zituen, zerbitzurako egonaldiekin eta unean uneko bizitza burgesaren erosotasun guztiak eskaintzeko (sukaldeak, despentsak, ikaztegiak, kortak, jantokiak, frutentzako biltegiak, lastategiak…), eta baita karrejo bat ere.
Denborak aurrera egin ahala, I markesak jauregiaren lehen handitze bat planeatu zuen, fatxadari atxikitako gorputz bat eraikiz. Eraikin horren behealdean, kotxetegia, ikuztegia eta ikaztegia eraiki ziren.
Lorategiz inguratutako lursail zabala dauka. Pixkanaka-pixkanaka erosi zena (8hektarea inguru zituela kontabilizatu zen), eta I. markesak, batez ere, nekazaritzarako erabili zituen (baratzeak eta txakolin-mahastiak). Baso bat ere badu, eta bertan garatu zuen zeukan interes botanikoa, hainbat zuhaitz-espezierekin. Gainera, Laudioko herriarentzat garrantzitsuak izan diren obrak egin zituen.
Urte batzuetan zehar, batez ere lehenengo hiru markesek, jabetzan obrak eta egokitzapenak egin zituzten, jauregi handi baten izaera emanez eta hainbat kirol-zelai, bi tenis-pista, kroket-zelai bat, igerileku bat, laku bat (egungo urmaela baino handiagoa), antzoki bat, dantzetarako kristalezko areto bat… Hori guztia jatorrizko etxeko lorategietan, lorategi ingelesean eta barruko lorategian egindako ibilaldiekin osatzen zen.
Horrela, etxaldeak erosotasuna ematen zuen, aisialdia bermatzen zuen, eta egiten zituzten jai eta ospakizun handietarako gune egokiak sortzen zituen, gizartearen goi-maila, monarkia barne, bertaratzen zelarik.
Gerra Zibilaren etorrerarekin, bonbardatu egin zuten, eta bai konplexuak bai markesgoak ospea galtzen joan ziren.
1975etik jabetza publikokoa da. Hala ere, azken urteotan zenbait aldaketa izan ditu, gaur egun duen parke publikoaren erabilerara egokitzeko eta “Parkea” izeneko kulturgunea hartzeko.