
XIV-XV mendeetako Laudio hartan, ankerkeria handiz lehiatzen ziren elkarren aurka Anuntzibai eta Ospina (horrela deituak euren izaeragatik) leinuak. Azken hauek Ugarten zeukaten dorrea, mende gorabeheratsu haietako arkitektura elementurik bereizgarriena.
Gaur egun ikusten dugun eraikinaren osagaiak dira erdiko gorputzeko dorrea, XX. Mendearen erdialdean eraikitako etxebizitza eta, aurkako muturrean, XVI. Mendeko jauregi errenazentista, eginkizun militarra galdua zeukan dorreak baino erosotasun handiagoak eskaintzeko eraikia.
DORREA
Dorreak arkitekturako esku-hartze ugari jasan du menderik mende. Lau solairu ditu eta jatorrizko sarbidea jauregi atxikiaren barruan dago gaur egun, dorrearen lehenengo solairuan.
JAUREGI ERRENAZENTISTA
Dorreari atxikitako jauregi errenazentistaren ezaugarri deigarriena da bere egituraz sagardoa egiteko prentsa erraldoia eratzeko eraiki zela, garaiko baserri berritzaileen kasuan egiten ari zen legez. Eraikinaren barruan horren arrastoak ikus daitezke oraindik ere. Adreiluzko goiko ganbara geroagoko (XXVII) eraberritze-lanen ondorioa da. Bertan, nekazaritzarako produktuak gordetzen ziren eta noiz edo noiz zerbitzariei ostatu eman ere.
Sugarrek Katuxa dorre zaharra irentsu zutenean, bizkarra eman zion Ugarte leinu boteretsuak aspaldiko eraikin hari, eta uneko modaren alde, hau da, jauregi bat eraikitzearen alde egin zuten, haien estatusaren adierazgarri izan zedin. Eta horrelaxe zen, 1775ean, gaur egungo jauregi bitxia.
Jatorrizko kokalekuari eutsi zioten, betiko bide zaharren ondoan eta, beraz, ez ziren Nerbioiaren beste aldera mugitu, beste zenbait jabe aberatsek bezala; izan ere, aukera gehiago eskaintzen zituen ibaiaren bese aldeak Bilbo-Burgos errepidearen ibilgu berriari esker.
MATERIALAK
Bide berriarekiko urruntze hori konpentsatzeko, fatxada berezia egin zuten, bidetik begiratuta, elementurik ikusgarriena, baita harlandu finez eta arku zein arkupe bikainez hornitu ere. Horrez gain, harrizko armarri deigarria ere paratu zuten fatxadan. Ugartetarren armak ikusgai ipinita, eraikinaren jabe zen familia ahal beste hanpatu eta goresteko. Arrandiaren beste adibide bat dira leihoetako barroteak, euren burdinoletako burdinaz eginak. Baina hori guztia gutxi ez, antza, eta zubi berria ere eraiki zuten 1775ean (gerora 1995ean eraitsi zen) Jaurerriko bide berri handitik euren oinetxera eta burdinola eta erroten gunera zihoan sarbidea nabarmentzeko. Horrenbestez, eta azkenik, guztiz lotuta geratu ziren iraganaren gurtza eta etorkizuneranzko begirada.
Eraikin hau Urkixoko I. markesak proiektatu zuen Francisco Cubasekin batera, Cubaseko markesa, Matilde Ericerekin ezkondua, Estanislaoren iloba, Butroeko Gaztelua eraiki zuena eta, dirudienez, jauregiko lanak ere diseinatu eta kontrolatu zituena. Apaintze-helburuarekin eraikia, gaztelua “mahasti-babes” bat ere izan zen, B. Bengoak 1880an egin zituen “Arabako Deskribapenen” arabera, non “… bere gaztelu-begiratoki modernoa San Roke gainean, muinoan […] San Rokeko ardogintzako gaztelua eta Urkixo jaunaren etxeko txakolin ereinotzak” bezala aipatzen dituen.
Ez dago planorik, ezta eraikuntzaren urte zehatzik ere, baina bere fisonomiak Erdi Aroko gaztelu txiki baten estiloa imitatzen du, garaiko azken hamarkadetako aristokraziaren artean oso ohikoa den moda arkitektonikoa.
Urteek aurrera egin ahala, abandonatua geratu zen eta bere dorrea, talaia eta zituen ikuspegi pribilegiatuengatik begiratoki gisa erabiltzen zena, eraitsi egin zen. Gaur egun, eraikina zuhaitz eta landareekin kamuflatuta bezala dago, eta eraikinaren goiko aldea jabetza mugatzen duen hormarekin mimetizatzen da; hortaz, ez dago agerian eta bisitariek ez dute ezagutzen.
Eraikin hau Estanislao Urkixo Landaluceren, Urkixoko I. markesaren, babesari esker egindako beste proiektuetakoa izan zen. 1887. urtean eraikitzea eta inauguratzeko agindua eman zen, eta urte horretan bertan Laudioko Udalari formalki lagatzeko akta sinatu zen.
Udalerriarentzako ongintzazko bokazio bikoitzarekin jaio zen. Izan ere, hasiera batean zaharren egoitza eta baliabide gutxi zituzten bizilagunentzako ospitalea izan zen. Eguneroko kudeaketa eta gaixoen zaintza Karitateko Ahizpen ordenaren esku geratu zen.
Hamarkadak aurrera joan ahala eta Osakidetzako osasun-zerbitzuak modernizatu zirenean, eraikina zaharren udal-egoitza soilik izatera pasa zen, eta 2002an hutsik geratu zen egoitza instalazio modernoago batzuetara eraman baitzen.