Udaberriaren hasierak, Arraño-Lamuza inguruneko orkideen denboraldiaren hasiera iragartzen du. Izan ere, lehenak, otsailaren 14aren inguruan loratzen dira, maitaleen eguna eta lore-sinbologiaz betetako eguna izateagatik ezaguna.
Orkideen familia ia mundu osoan hazten den landare taldea da, Antartikan izan ezik, kontinente guztietan zabaltzen dena, eta beraz dozenaka orkidea ezberdin mirets ditzakegu. Orkideazeoen berezitasuna beren biologia xelebrean datza, forma fantastikoko eta edertasun handiko loreak sortzen dituena.
Gure herrian, Arraño mendiak eta Lamuza parkeak osatzen duten 80 Ha inguruko eremu txikian, familia horretako 23 espezie ezberdin hazten dira (horietako bi mehatxupean daude). Horrek ingurumenean garrantzi handia duen habitat baten aurrean gaudela adierazten digu. Izan ere, Europako ingurumen-araudiek (6210 motako habitata) baietazpen hori berresten dute. Arraño-Larrea mendian ere orkidea espezieen aniztasuna aipatzekoa da (18 espezie). Horrek esan nahi du udalerrian, osotara, behatutako 25 espezie ezberdin daudela.
2017. urtean “Laudiokoloreak” ekimena abian jarri zen, Arraño-Lamuzako ingurune naturala balioan jartzeko asmoarekin. Hasiera bateako proposamena inguru horretan hazten den landaredi aberatsa eta askotarikoa ezagutzea zen, baina behin eginkizun horretan jarrita, otsailetik ekainera (eta kasuren batean azarora arte) larre horietan urtero loratzen diren basa-orkideen espezie kopuruak txunditzea sortu zuen. Geroztik, urtero neguak bide erdia eginda duela, zelatatze-prozesua hasten da, zain, denboraldi berriak bertako orkideen inguruan zer berri ekarriko dituen. Hedabideetan ere hainbat herritan orkideen ezagupenaren eta zaintzaren inguruko jardueren berri ematen da.
(Iturria: Joxe Blanco – Arrañoko basa-orkideak ezagutuz)
Gaur egun Lamuza izenez ezagutzen dugun parkea Urquijoko Markesen udako egoitza izan zen. Hasieran, lehen markesak, etxebizita eta hainbat dependentzia bezala garatu zuen eraikin konplexuaz gain, espazioaren gehiengoa (8,5Ha) basoetan, txakolin-mahastietan eta baratzeetan banatzen zen. Botanikarekiko zuen grina zela eta, markesa bertako landa-espezieak kontserbatzen eta espezie exotikoagoekin integratzen joan zela esaten da, oparitu egiten zizkiotenekin, bere bidaietatik lortzen edo ekartzen zituen espezieekin, lorategi botaniko moduko bat sortzeko asmoz. Bigarren markesaren garaian, pixkanaka, mahastiez gain, baratzeak desagertzen joan ziren, eta lorategi-gune gehiago sortu ziren. Era berean, hirugarren markesak aisialdi eta zuhaizti eremuak zabaldu zituen, gune osoari distira handiagoa emanez.
1936ko gudan, Lamuza osoa erasotua eta arpilatua izan zen, eta, ondorioz, ia abandonatua egon zen urte luzez. Horren ondorioz, espezie inbaditzaile asko gehiegi ugaldu ziren, eta hainbait bertoko landare eta zuhaitz suntsitu zituzten.
1975ean, Urquijo familiak Laudioko Udalari utzi zion espazioa. Udalak guneak egokitu eta gaur egun ezagutzen dugun “Lamuza” izena eman eta parke publikoa bihurtu zuen. Hala ere, oraindik jende askok “Markesaren parkea” deitzen dio.
2004an, Javier Mateo laudioarrak parke horretako zuhaitzak katalogatzen dituen liburua argitaratu zuen. Berak dioenez, “eraikin, bide, iturri, belardi eta zuhaizti multzo handia da, eta bertan gailentzen den sarrera nagusia, lorategi zainduak dituena, eta bidea ematen duena berde-gune zabal eta handi batera eta hor landaredia garatzen da era askoz naturalagoan eta parkeari aberastasun eta zuhaitzen ugaritasun handia eskaintzen dio”. Zehazki, 79 espezie daudela adierazten du eta parke hori “...praktikoki bat dator antzinako Urkijo Markesen Jauregiko lorategietako orubearekin”.
Hiru eremu nagusi identifikatzen ditu bere lanean, eta horiek 13 esparrutan banatzen ditu, non ehunka zuhaitz eta beste lore-espezie batzuk bizi diren. Goiko aldean 38 zuhaitz espezie daude, eta horietatik 10 bertan bakarrik aurki daitezke. Aldaikorreka ibaiarekin muga egiten duen magalean 34 espezie daude eta horietatik 10 soilik aurki daitezke bertan. Azken esparrua parkearen zatirik lauena izango litzateke, jende gehien ibiltzen duena, nahiz eta espezie exotiko gehien dituena den; horrela, 44 espezie daude, eta horietatik 22 bakarrak leku horretan.
2024an, Arabako Foru Aldundiak parkeko jauregi-gunea berritzeko inbertsioa egiten du, eta Laudioko Udalak Lamuza ingurua kultura- eta natura-gune bihurtzeko asmoa duela adierazten du, honek eskaintzen duen biodibertsitate guztiaz berriro gozatu ahal izateko. Horretarako, agerian uzten du paisaia berreraikitzeko asmoa, ibaiaren ingurunea barne, eta zuhaitz-espezie guztiak berridentifikatu eta berriro katalogatzeko asmoa (gainera, parkeko eremurik basatienean dauden loreak eta landareak mantentzen jarraituko, baita orain arte egiten duen bezala, aurreko aldeko lorategia zaintzen).
Iturria: Javi Mateo, “Lamuza parkeko zuhaitzak- gure altxorrik onena”, 2004