Nerbioiko Parke Linealeko Bide Berdeak, gutxi gora behera, 15 kilometroko luzera dauka, eta Laudioko natura- zein ondare-ingurunea ezagutarazteko baliabide bikaina da. Erabat irisgarria denez, bizikletaz zein oinez egin ahal dira ibilbideak, eta, gainera, parke lineala paseoan gozatzea erabakitzen bada, hasierako puntura itzultzeko aukera ere ematen du, ibilbidean osoan zehar sakabanatuak dauden tren geltokietako edozein erabilita (Areta, Laudio, Santa Cruz de Llodio, Luiaondo, Salbio, Iparralde, Amurrio eta Iñarratxu).
Behin paseoan hasita, ibaiaren ibilbidea zeharkatzeko eta haren gainean ibiltzeko balio duten pasabideez gozatu ahal izango duzu.
Gainera, erromatarren aztarnak topatzeko aukera ere izango duzu, hala nola, ibaia zeharkatzeko balioko dizuten Anuntzibai eta Otazu zubiak, eta/edo beste eraikuntza mota eta garaietako zubiak, esate baterako, Bitorika, Zubibarri, Zamora… Baita presa txiki eta antzinako errotak ere aurkituko dituzu bidean. Halaber, ibilbidean aurrera egin ahala, ohizko baserri eta etxetzarrak aurkituko dituzu, XVII. mendeko estilo barrokoko jauregi birgaitu bat, gaur egun etxebizitza gisa erabiltzen dena, Katuxa Jauregia, eta baita, beren garaian irakaskuntzarako erabili ziren eraikin batzuk, hala nola, “Alemandarren ikastetxea” edo “El Refor”, gaur egun, beste helburuetarako erabiltzen direnak.